2015(e)ko apirilaren 15(a), asteazkena

Arrantza Euskal Herrian

Arrantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriaren historian, oinarrizko baliabide iturri izan baita itsasertzeko herri gehientsuenentzat.  Euskal Herriko ekonomian gaur egun duen indarra txikia da garai batean izan zuenarekin alderatuta, baina gurean erro luzeak dituen eta trakzio indar garrantzitsua egiten duen sektorea da oraindik ere.

Euskal Herriko arrantzari buruzko lehenengo agiriek bale arrantza eta balekiaren komertzializazioa aipatzen dituzte. Beti pentsatu izan da, nahiz eta froga argirik ez izan inon, euskaldunei bikingoek erakutsi zietela bale arrantza nola egin, garai batean izan baitzen normandiarren bizilekurik Lapurdiko lurretan. Tesi honen arabera lapurtarrek bikingoen arpoiak eta haien ontzietako elementurik garrantzitsuenak eta egiteko modua kopiatuko zituzten eta, gerora, bizkaitar eta gipuzkoarrei irakatsi. Are gehiago, XIV. mendea aurrera zela ere, euskaldunek erabiltzen zituzten txalupek (pinaza deituak), ipar herrietako ontzien ereduari jarraitzen ziotela esan ohi da.

Infografia: Euskal balezaleak
 
Baleatik ateratzen ziren produktu guztietatik eskaririk handiena zuena, koipea urtu ondoren geratzen zen olioa zen (lumera), argia egiteko erretzen zena. Behe Erdi Arotik aurrera, Euskal Herriko arrantzaleek ateratzen zuten lumeraren komertzializazioa Euskal Herriko mugetatik irten zen; izan ere, badira Flandria eta Ingalaterrako merkatuetan saltzen zela egiaztatzen duten agiriak ere.

Historialarien artean hamaika ezatabaida badira ere, esan liteke XV. mendearen iguruan Euskal Herriko baleazaleek Kanadako itsasbazterrean egin zituztela lehendabiziko pausoak, balea eta bakailaoa arrantzan zenbiltzala. Hortaz, arrantza-postu aurreratuak kokatu zituzten Labradorren eta Ternuan. Lehenengo espedizio hauek kondairaz beteta zeuden, batez ere balea eta bakailaoa arrantza egiteko guneak sekretuak zirelako; berez,  Ternua "Uharte Fantasma" ezizena zuen Euskal Herriko arrantzaleen artean.

Nazioarteko lehiaren ondorioz, XVII. mendean, euskaldunek balearen merkatuan zuten hegemonia galtzen hasi ziren. 1713ko Ultrecheko Itunaren ondorioz, euskaldunak Ternuatik bota zituzten, eta ingelesek aurrea hartu zieten. Aipatzekoa da ingelesek euskal arrantzaleak hartzen zituztela euren eskifaietan arrantzatzeko teknikak erakusteko.

Euskal Herriko arrantzaren egoerak gorabehera handiak ezagutu zituen XVIII. mendean eta herrialde bakoitzak berea bizi behar izan zuen. Elkarren artean desberdintasun handi eta aldamenekoarekin zerikusi gutxi zuen egoera, alegia. Lapurtarrek beren jarduna sardinaren arrantzara eta haren transformaziora zuzendu behar izan zuten, gero arrain hori kontserban jartzeko. Gipuzkoan berriz, XVIII. eta XIX. mendeetan arrantzak beherakada handia izan zuen, eta nekazaritza bihurtu zen herritar gehiengoaren jardun nagusia, ordea, badirudi XVIII. mendeko egoera zaila gainditu eta XIX. mendean hasi zirela berriro pizten. Bizkaian oso bestelakoa izan zen egoera XVIII. mendean, itsaso handiko balea eta bakailaoaren arrantzatik itsasertzekora igarotzea Gipuzkoan baino errazagoa izan zen. Baina egia da XIX. mendearen lehenengo erdialdean une latzak bizi izan zituztela bizkaitarrek, produktibitatea txikia zen, arrantza berdina izanik arrantzaleen kopurua handiagoa baitzen.

Hainbat emakume arrainaren deskargan
Hegoaldeko kontserba industria asko indartu zen XIX. mendeko bigarren erdian, kontserba-egile italiarrak etorri zirenean. Kontserba industriaren garapenari esker, arrantzaleen egoerak hobera egin zuen, haien emazte eta seme-alabentzat ere lana ekarri baitzuen. XIX. mendeko kostaldeko herrietako emakumeek paper garrantzitsua jokatu zuten arrantzaren inguruko ekonomia suspertzerako orduan. Gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea bazen behin lehorrean arrainaren deskarga, prestaketa, garraioa eta salmentaren ardura emakumeena zen, ia oso-osorik. Ez hori bakarrik, zenbait kasutan itsasora irteteko arrantzaleak deitzea ere –esnatzea, azken finean- emakumeen eginkizuna izaten zen, baita euren senar, aita, seme edo nebentzat, itsasorako janariak prestatzea eta jaki potoetan gordetzea edota euren arropak garbitzea.

Lurrunontzia Pasaiako portutik ateratzen (1943)
XIX. mende bukaerarako asko aldatu zen euskal kostaldeko arrantza jarduera. Lurruna sartu zen arrantzontzietan, tradiziozko belaontziak baino seguruagoak ziren lurrunezko arrantzontzi modernoak. Aldi berean gertatu ziren aldaketa horiek eta bisigu nahiz legatz harrapaketaren gainbehera handia eragin zuen XIX. mendeko gehiegizko arrantzak. Egoera horrek XX. mendeko lehenengo zatira arte jarraitu zuen. Lurrunezko ontziek arrain gehiago harrapatzeko ahalmena zuten, arraste ontzi modernoen jarduerarengatik. Euskal arrantzaleak, aldiz, oso seguru sentitu ziren XX. mendearen zati handi batean. Pentsatzen zuten gure kostaldetik espezieren bat desagertzen bazen, sardinarekin gertatu zen bezala, bilatuko zutela beste arrainen bat (kasu honetan antxoa). Eta halaxe gertatu zen XX. mendearen erdialdera.

60. hamarkadan arrantzaleak beren onetik atera eta garai hartan ematen ziren diru mailegu itzelak erabiltzen hasi ziren nork baino nork ontzi handiagoa, ahaltsuagoa eta baliabide gehiagokoa eraikitzeko borrokan. Garapen iraunkorraren beste muturrean zeuden ekologiaren aurkako hazkuntza haren ondorioak askoz ere beranduago ordaindu ziren.

Hondamendia 70. hamarkadaren bukaeran etorri zen, munduko estatu gehienek beraien ur territorialetako lehenengo 200 miliak euren herrialdeetako itsasontzientzako eta ez beste inorentzako zirela erabaki zutenean. Horrek oso arazo larriak ekarri zizkien beste herrialdeetan arrantzan ibiltzen ziren euskal arrantzaleei. 80ko urteetan euskal arrantzaleak itxaropentsu zeuden, Espainiako estatua Europar Batasunean sartzearekin batera arrantzan jarduteko esparru handiak utziko zizkietela uste baitzuten. Azken urteotan ikusi ahal izan dugun bezala, ordea, errealitatea bestelakoa da. Europako agintariak ez daude harrapaketa handiak baimentzeko prest.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina