2015(e)ko martxoaren 5(a), osteguna

Baserria

Baserria Euskal Herriko landetxe tradizional bat da, landan bakarturik dagoen etxea, nekazaritzako eta abeltzaintzako lurrak dituena. Historikoki, bertako jarduera nagusiak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza izan dira, bai eta eraldaketa jardueraren batzuk ere (hala nola sagardogintza edota gaztaigintza ere).

Baserriaren jatorria artzaiek eraikitako lehen etxolak dira. Hasierako baserriak mendien
gainkaldean eraikitzen ziren eta bertan bizitakoak artzaiak ziren nagusiki. Aspektu guzti hauek kontutan izanik baserriaren jatorria aspaldikoa dela esan genezake. Denboraren poderioz, baserrien forma eta funtzioak garatuz joan ziren, kokatuak ziren lekuaren klimaren arabera, burutzen ziren ekoizpen motaren arabera edota bere inguruan topa zitezkeen materialen arabera.

                                                                                                          Lapatza Baserria - Antzuola (Gipuzkoa)

Euskal baserri guztiek duten berezko ezaugarri bat denek izen propioa dutela da, agintariek eta bizilagunek aitortuta, eta normalean, aldaezina historiaren zehar.

Baserritarrak dira bertan bizi diren pertsonak. Esaten da euskaldunentzat etxeak familia-tenpluaren izaera sakratua zuela, baina etxebizitzaren erlijio-kontzeptu hori, oso hedatua antzinako herrien artean, bizkor desagertuz joan da azken mendean. Hala ere, etxea –baserria- bizitzeko era bat definitzen jarraitzen du hainbat tokitan. Gurasoek beraien seme-alaben artean bat aukeratzen dute, aurrena jaiotakoa gehienetan, etxea bere izan eta zatitu ez dadin  Etxearen jabea, jabea baino administraria bihurtzen da. Etxea ezin da saldu eta ezin du beste familia batena izan. Era honetan, etxea bizirik daudenen eta hildakoen babesleku bezala mantentzea lortzen da.

Gaur egun, aldaketa ekonomiko handiek lanbide tradizionalei krisia eragin diete, eta baserrien gainbehera ekarri. Hala ere, lehen sektore ekonomikoan ez baizik hirugarrenean topatu dute baserritar batzuek irtenbidea, partziala bada ere: turismo arloan, alegia. Izan ere, baserri asko landa-turismora bideratu dituzte.          


   Gorostiola Baserria - Aia (Gipuzkoa)


Hona hemen MARINA ELORZAk egindako Baserria zer den  deskribatzeko Prezi bikaina: 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina